Troikak (NMF, EBZ eta Europako Batzordea) eta egungo gobernuak hitzartutako erreskatea salatzeko Estatuan antolatzen ari diren deialdiekin bat egin dute M15M Bizkaiak eta Bizkaiko hainbat gizarte-kolektibok. Hori dela-eta, larunbat honetan, hilak 16, 19:00etan, Jesusen Bihotza Plazatik irtengo den manifestaldia antolatu dute.
Politikarien ustelkeria-maila handiak, banku-erakundeen jardueraren gaineko kontrolik etaaraugintzarik ezak, euren diruzalekeriak —espekulazioa eta pilaketa tarteko, etxebizitza bezalako funtsezko eskubideak onurak sortzeko aktibo bilakatu dituena— eta errudunei erantzukizunik ez eskatzeak bultzatu gaituzte muturreko egoera honetara.
Europar Batasunak eta Espainiako gobernuak sinatutako akordioa ez da erreskatea, kondena baizik, langileek, ikasleek, langabeek eta, oro har, gizarte osoak ordaindu beharko dugun kondena: eskubiderik oinarrizkoenak nola suntsitzen eta pribatizatzen dituzten ikustea, dagoeneko gertatzen ari den bezala.
Espoliatzen eta bestek eragindako zorra ordaintzera behartzen gaituzten bitartean, Europako eta Ameriketako inbertsio-funts handiek finantzen jaiaz gozatzen jarraituko dute, harik eta makineriak gainez egin arte.
Ondorioak pairatzen ari gara dagoeneko: murrizketak osasungintzan eta hezkuntzan, besteak beste. Gainera, are larriagoak izango dira datozen hamarkadetan, zor pribatu bezain ustel hori ordaintzearren.
Gure aurrean jartzen duten irtenbide bakarrak, aukera posible bakarrak, amildegira garamatza: zor handiagoa, defizit handiagoa, murrizketa handiagoak...
Uste dugu garaia dela elkarrekin antolatzeko, eta azalpenak eta erantzukizunak eskatzeko.
M15M Bizkaia eta deialdia egiten duten beste kolektiboak
No hay comentarios:
Publicar un comentario