miércoles, 19 de septiembre de 2012

“Gaurko modelo energetikoaren alternatibak: energia berriztagarrien kooperatibak” jardunaldia

M15M Durangaldeak “Gaurko modelo energetikoaren alternatibak: energia berriztagarrien kooperatibak” izeneko jardunaldia antolatu du. Hitzaldia datorren ostiralean, irailak 21, izango da, 19:00etan, Pinondo Etxean. Gaur egun sektoreko multinazionalek eta eredu energetiko hegemonikoak eskaintzen dituzten aukerez aparte dauden alternatiba ekologikoen eta bestelako kudeaketa-ereduen nahiz energia aurrezteko aukeren berri ematea da ekitaldiaren helburu nagusia.
Sektorean sartu berri diren eredu horien ezaugarri nagusien oinarriak hauek dira: energia erabat berriztagarria merkaturatzea, energia-burujabetza energia sortzeko proiektu propioen bitartez (fotovoltaikoa, biogasa, edo eolikoa, besteak beste), kooperatibako bazkideen eskaria asetze aldera, eta kontsumoaren efizientzia. Ohiko enpresetatik urrun, kooperatibismoa dute kudeaketa-eredu.
Bi hizlari ariko dira jardunaldian: Jaime Ibáñez eta Joanes Maiza, irabazi-asmorik gabeko Som Energía eta Goiener energia-kooperatibetakoak. Lehenengoak Katalunian du jatorria eta 2010eko abenduan abiarazi zen. 3.500 bazkide ditu egun Estatu osoan, eguzki-panelen parke propioak kudeatzen ditu eta biogas-konplexua lortu nahian dabil. Plataforma bat du Nafarroan, Energia Gara izenekoa.
Goienerrek Ordizian du egoitza soziala, eta kooperatiba autonomo eratu berria da. 2013ko hasieran ekingo dio elektrizitate berde ziurtatua merkaturatzeari.


No hay comentarios: